Kox-kox! Aditzen didazu?
Jaio aurretik Eleder jarri dizute izena eta jaio aurretik ere ele ederrez apaintzen ari gara zure ongi etorria. Eta zeregin hori burutzeko ez dut topatzen euskara baino ele ederragorik. Seaskatik ikasi eta maiteko duzun hizkuntza izango delakoan, doazela lehenengo berba hauek izotzaldia urtzeko.
Igor nauzu eta zure auzoa izango den Zorrotzan hazi eta hezi nintzen, egun naizen pertsona bilakatzeraino. Zure ama eta biok sasi-lehengusuak garen arren, ez genuen benetan elkar ezagutu Jai Batzordean topo egin arte. Egiari zor, auzoko jaien alde gogotsu aritu denik bada, hori duzu ama, bejondeiola! Izan ere, ba al da Virginia baino festazaleagorik? ¡Cinco kalitxikis, con coca-cola light!
Zure aita, berriz, bere habitat naturalean ezagutu nuen, Zorrotza Futbol Taldeko kide baten omenaldian agurra dantzatzea egokitu zitzaidanean, hain zuzen. Ez dut sekula ahaztuko egun euritsu horretan hamaiketakora egin zidan gonbitea, berehala ahantzi nuen dantzatzean espartinak lokatzera itsatsi zitzaizkidala. Esan gabe doa Gorkak txikitatik kutsatuko dizula futbolarekiko zaletasuna baina gogor entrenatu beharko duzu bere mailaraino iristeko!
Urteak joan eta urteak etorri, zure ama eta aita eta beste askoren indarrez, Txinbotarrak auzoko konpartsa jaio zen eta bere baitan jai eta ekimen anitz konpartitu ditugu. Horri esker zure gurasoekin daukadan adiskidetasuna handituz joan zen eta egun ilusio handiz itxaroten dut zure etorrera. Espero dut piztutako sua luzaro bizirik mantentzea, zu eta Zorrotzako belaunaldi berriek auzoan sortutako giro paregabeaz gozatzeko aukera izan dezazuen.
Senideez gain, familia handiago bat duzu zain, zure ama eta aita bihotzez estimatzen ditugunok osatutakoa. Gabonetako oparirik ederrena izango zara, Olentzerok berak ere inbidia izango dizu!
Aupa txikitin, gutxi falta da!
Ongi etorri mundura!
Muxutxu bat
Igor